Mundua -
Futbol partida batean
25 lagun hil eta 120 zauritu dira eraso suizida batean, Iraken
Tel Afarreko futbol zelaian bonba-auto bat sartu da eta leherketa handia jazo da. Ondoren suizida batek lehergai gerriko bat zartarazi du.
Erredakzioa
Gutxienez 25 lagun hil dira gaur eta 100 baino gehiago zauritu dira futbol zelai batean izandako eraso suizida batean, Tel Afarren (Irak), Mosuletik 70 kilometrora.
Iparraldeko hiriko Poliziako iturriek jakinarazi dutenez, futbol zelaian bonba-auto bat sartu da eta berehala leherketa handia jazo da.
Biktimei laguntzeko jendea pilatu denean, suizida batek lehergai gerriko bat zartarazi du.
Tel Afarren biztanle gehienak turkomanoak dira eta iraganean eraso odoltsuak jasan dituzte.
Al Kaida
Astelehena egun odoltsua izan zen Iraken, izan ere, 114 hil ziren eta ehunka zauritu ziren dozenaka erasotan. Zalantzarik gabe Al Kaidak egindako erasoak izan ziren.
Al Naser Lidin Alah Abu Suleiman Al Kaidako Irakeko buruzagi militar berria ezagutzera eman da gaur Inteneten argitaratutako mezu baten bidez. Buruzagi berriak atentatu gehiago agindu ditu, xiiten kontrako erasoak bereziki.