Mundua -
2009tik
Baliteke AEBk 116 zibil baino gehiago hil izana dronekin
Hala ere, giza eskubideak defendatzen dituzten zenbait erakundek adierazi dutenez, benetako kopurua askoz ere handiagoa da, gerran dauden zonaldeak ere kontuan hartu behar direlako.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuak ostiral honetan, uztailak 1, azaldu duenez, baliteke Barack Obama presidente izendatu zutenetik, 2009. urtean, 64 eta 116 zibil inguru hil izana tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuekin –dronak-. Gainera, urte hauetan 473 eraso egin dituztela esan dute: Pakistanen, Yemenen, Somalian eta Libian.
Hala ere, giza eskubideak defendatzen dituzten zenbait erakundek adierazi dutenez, benetako kopurua askoz ere handiagoa da, AEBko inteligentzia zerbitzuak ez dituelako kontuan izan gerran dauden beste zonalde batzuk, hala nola, Irak, Siria eta Afganistan.
Alde horretatik, New America Foundation erakundeak egindako kalkuluen arabera, Obama kargua hartu zuenetik 250 zibil hil dituzte dronen bidez. Beste erakunde batzuen arabera, berriz, urte hauetan hil dituzten zibilak 358 izan daitezkeela diote. Gutxi batzuk, gainera, mota horretako erasoetan 1.000 pertsona inguru hil dituztela uste dute.
Modu horretan, lehenengo aldia da AEBk tripulaziorik gabeko aireko ibligailuak erabilita eragin dituen hilketen berri ematen duena. Izan ere, 2002. urtean hasi ziren dronen bidez terroristei eraso egiten, baina Obama presidente izendatu zutenetik hona, erasoen kopuruak gora egin du aurretik aipatutako herrialde horietan.
Txostenarekin batera, Obamak dekretu bat publikatu du, zeinaren bidez terroristen kontrako erasoak egiteko orduan lehentasun bezala zibilak babestea eta erasoetan eragindako hildakoen inguruko informazioa argitaratzea eskatzen duen.
Gainera, txostenak jasotzen duenez, urte hauetan 2.372 eta 2.581 “borrokalari” inguru hil dira tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuekin egindako erasoetan. Halaber, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak egindako kalkuluen artean eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) estimazioen artean desadostasunak egon daitezela aitortzen du.