Mundua -
Thailandia
Alkandora gorriek muzin egin diote hiriburutik joateko aginduari
Gutxienez 37 pertsona hil dira orain arte, krisi politikoak piztutako indarkeriaren ondorioz.
Erredakzioa
Alkandora gorrien milaka manifestarik Thailandiako Gobernuaren Bangkok utzarazteko aginduari desafio egin diote eta bertan jarraitu dute. Aldi berean, alkandora gorrien eta Gobernuko ordezkariak bildu dira gaur 37 hildako baino gehiago utzi duen krisi politikoari aurre egiteko.
Thailandiako Gobernuak eta alkandora gorriek bake-negoziazioak hasi dituzte gaur krisi politikoari eta horren ondorioz piztutako indarkeriari amaiera emateko helburuz. Gutxienez 37 pertsona hil dira protesten eta jazarpenaren ondorioz.
Weng Tojirakran alkandora gorrietako kideak zehaztu du negoziazioak bide onetik doazela.
Demokraziaren Aldeko eta Diktaduraren Aurkako Fronteko buruzagiek (alkandora gorriak alderdi horretako kideak dira) igandean proposatu zioten Gobernuari negoziazioei ekitea, trukean Armadak hiriburuko kaleak uzten baditu.
Tojirakranek azaldu duenez, haien partez Veera Musikhapong ari da negoziatzen, hau da, alkandora gorrien buruzagi nagusia.
Bien bitartean, Thailandiako agintariek terrorismo ekintzak egitea leporatu diete alkondara gorriei.
Lehen ministroak, Abhisit Vejajjivak, 15:00ak (10:00 Euskadin) arteko epea eman die manifestariei hiriburuaren erdigunean duten kanpamendutik joateko. Dena dela, ez du argitu zer gertatuko den epea amaitzen denean.
Gobernuaren arabera, 6.000 alkandora gorri daude oraindik barrikaden atzean. Asteburuan askok alde egin dute, kanpamenduan elikagairik gabe geratzen ari baitira, eta Armadak haien aurka egingo duen beldur baitziren.
Joan den astean, Gobernuak bertan behera utzi zuen azaroan hauteskundeak egiteko proposamena, orduan negoziazioak ez atzera ez aurrera baitzeuden.