Mundua -
Eskaera Espainiari
Ceutari eta Melillari buruz hitz egitea eskatu du Marokok
Lurralde horiek berreskuratzeko aukera ukatzea "anakronikoa" dela adierazi du Abbas El Fassi Marokoko lehen ministroak.
Erredakzioa
Abbas El Fassi Marokoko lehen ministroak Espainiarekin elkarrizketa hastea eskatu du gaur, "Ceuta eta Melillako kolonien okupazioari" amaiera emateko.
Bi Estatuen interes amankomunak eta errealitate estrategiko eta geopolitiko berriak kontuan izan behar ditu elkarrizketak, lehen ministroaren hitzetan, baina Marokori lurralde horiek berreskuratzeko aukera ukatzea "anakronikoa" dela adierazi du. Era berean, Espainiaren eta Marokoren arteko harreman onen adibide izango ez litzatekeela azaldu du, MAP albiste-agentziaren arabera.
Europar Batasunarekin dituen harremanei buruz, Maroko EBrekin lankidetza estatutu bat duen Afrikako lehen herrialdea dela azpimarratu du El Fassik, orain arte egindako erreformei esker.
Atzerri Ministerioa
Bestalde, Ceuta eta Melilla "erabat espainiarrak" direla berretsi du Espainiako Atzerri Ministerioak.
Abbas El Fassik Rabateko Parlamentuaren aurrean esandakoa, Marokoren "jarrera tradizionala" dela esan du Atzerri Ministerioak, "ez dago nobedaderik".