Mundua -
Ikerketa
Poloniako hegazkineko kabinan tripulaziotik kanpoko jendea zegoen
Poloniako presidentearen hegazkin istripua ikertzen ari diren aditu errusiarrek adierazi dute orain ikertu behar dela zein neurritan eragin zuten pertsona horiek ibilgailuak lurra hartzeko erabakian.
Erredakzioa
Lech Kaczynski Poloniako presidentea eta bere Gobernuko kideak hil ziren hegazkin istripuaren ikerketek aurrera jarraitzen dute. Azken datuen arabera, ezbeharra izan zen unean tripulaziokoak ez ziren pertsonak zeuden pilotuaren kabinan, Estatuko Abiazio Batzordeak jakinarazi duenez.
"Tripulazioko kideak ez ziren lagunak zeuden kabinan. Ahotsetako bat identifikatu dugu, beste bat identifikatzeko Poloniaren laguntza behar dugu", adierazi du Tatiana Anodina batzordeko buruak.
Horren ildoan, esan du ikertu behar dela "tripulaziotik kanpoko jendeak zein neurritan eragin zuen hegazkinak lurra hartzeko erabakian" jakiteko. Hain justu, hondamendiaren arrazoiak ikertzeko oso garrantzitsua da.
Batzorde teknikoaren lanak ekintza terroristarik, leherketarik, suterik eta akats teknikorik izan ez zela ondorioztatu du eta gaineratu du hegazkinaren motorrek ibilgailuak lurra hartu zuen unera arte ondo ibili zirela. Lech Kaczynskiz gain, beste 95 lagun hil ziren apirilaren 10eko istripuan, horietatik 80 Poloniako ordezkaritza ofizialeko kideak ziren. Estalinen erregimenaren biktima izan ziren milaka poloniar omentzeko Katynen egin zen ekitaldi batera zihoazen.