Mundua -

OIHO, AEB

Pantera Beltzak alderdiko kideak armatuta joango dira protestetara

Alderdi Errepublikanoak Clevelanden (Ohio) datorren astean egingo duen konbentzioak dirauen egunetan egingo diren protestetara armekin joango direla iragarri dute Pantera Beltzak alderdikoek.

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Beltzen boterea' aldarrikatzen duen Pantera Beltzak Alderdi Berriak protestak deitu ditu datorren asterako Clevelanden (Ohio), Alderdi Errepublikanoak konbentzioa egingo duen egunetarako, eta beltzen eskubideak aldarrikatzeko egingo duten bilkura horietara armatuta joango direla iragarri dute. Clevelandeko alkateak eta Poliziaren buruak dagoeneko baieztatu dute ez dutela eragozpenik jarriko, armekin joateko eskubidea dutelako.

"Gure lana legea betearaztea da, eta legeak dio armak eraman ditzaketela. Ados nagoen edo ez, beste kontu bat da", esan du Frank Jackson alkateak, hedabideen aurrean. Ezustekorik ez bada, Donald Trump aukeratuko dute Etxe Zurirako presidentetzarako hautagai errepublikanoek Ohioko konbentzio horretan.

Arma-baimena duten herritarrei arma horiek agerian eramateko aukera jasotzen du AEBko legediak. Hala, arau hori aintzat hartuta, datorren asteko protestetara armak eskuan hartuta joango direla iragarri zuen 'pantera beltzek'. Horrelako ekintzen bidez, euren burua defendatu baino ez dutela egin nahi adierazi dute.

Hirurogeiko hamarkadan AEBn arrazakeriaren kontra eta beltzen eskubideen alde sortutako Pantera Beltzak mugimenduaren ondorengoak dira alderdi berri horretakoak.

Beste talde batzuk ere egingo dituzte protestak Clevelanden, Alderdi Errepublikanoaren konbentzioak dirauen egunetan. Oath Keepers Gobernuaren kontrako taldeko kideek ere, protesta ekintzak iragarri dituzte, eta armatuta joango direla esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB 2024 Albisteak Gaur Eguneko albisteak Donald Trump Hillary Clinton albisteak