Mundua -
Kalte-ordaina
BPk isuritako petrolioagatik 75 milioi ordaintzea onartu du
AEBetako Gobernuak "frustrazioa" aurkeztu du BPk ez baititu bete isuria geldiarazteko epeak. Gobernuak egunean zenbat litro petrolio jaurti diren ikertuko du.
Erredakzioa
British Petroleum (BP) konpainiak 75 milioi euro ordaintzea onartu du duela hilabete bat Mexikoko Golkoan petrolio plataforma batek eztanda egin eta hondoratu izanagatik.
Ken Salazar AEBetako Barneko idazkariak prentsaurreko bat eskaini du konpainiaren zuzendariekin bildu ostean. "75 milioi euro eskatu dizkiegu eta onartu egin dute, haien webgunean isuriaren kalteei buruzko bideo bat jartzea eskatu diegu eta onartu egin dute ere", adierazi du.
1990ean, Exxon Valdez ontziak Alaskan sortutako hondamendiaren ostean ezarritako Petrolio kutsaduraren Legearen arabera, 75 milioi euro BPk kalte-ordain gisa ordaindu dezakeen gehiengoa da.
Salazarrek Gobernuaren "frustrazioa" aurkeztu du, BPk ez baititu bete isuria geldiarazteko epeak. Konpainiaren arabera, egunean 5.000 upel gordin jaurtitzen ditu itsasora, baina beste kalkulu batzuek diotenez, 25.000 eta 95.000 artean izan daitezke.
Salazarrek adierazi duenez, ikerlari batzuek isuria aztertuko dute egunean zenbat litro jaurtitzen diren zehazteko. "AEBetako Gobernuaren ikerketa bat izango da eta ez BPrena".
"Mexikoko Golkoan sortu duten hondamendia konpontzeko BPk ahal duten guztia egingo duela ziurtatzeko gaude hemen", gehitu du Barneko idazkariak.