Mundua -

200 lagun erreskatatu dituzte

13 lagun hil eta batzuk desagertu dira ontzi bat hondoratuta, Perun

Itsasontzia Amazonas ibaian hondoratu da goizaldean. Erreskate taldeek lanean jarraitzen dute ezbeharra jazo den zonan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peruko iparraldean Amazonas ibaitik zihoan ontzi bat hondoratu da eta gutxienez 13 hildako izan dira, haietako sei haurrak. Gainera, hamarnaka desagertu daude, agintariek gaur jakinarazi duten azken balantzearen arabera.

Ontzia Santa Rosa herriaren parean zihoanean hondoratu da, Loreto eskualdean, Kolonbiarekiko mugan, erreskateko taldeen arabera. Halaber, erreskateko zerbitzuek uste dute baimendutakoa baino jende gehiago eramatea izan dela hondoratzearen zergatia.

Robert Falcon Defentsa Nazionaleko eskualdeko zuzendariak CPN tokiko irratiari eskainitako adierazpenetan esan du erreskateko taldeek 11 gorpu berreskuratu dituztela arratsaldean (gaua Euskal Herrian). Horrela, aurretik aurkituriko bi gorpuei gehitzen bazaizkie, guztira 13 hildako izan dira.

Horrez gain, Falconek jakinarazi du arratsaldeko azken orduan desagertuak bilatzeko lanak geldiarazi dituztela ikuspen urriaren ondorioz.

Loreto eskualdeko Portuen Kapitaintzako buruzagia den Rodolfo Reateguik aurretik azaldu zuen istripua asteazken goizaldean gertatu zela, Camila izeneko ontzia Iquitos hirira zihoanean zamarekin eta bidaiariekin. Reateguik adierazi du 200 bat lagun erreskatatu zituztela ontzitik.

Halaber, Camila bere egituraren erdira arte dagoela hondoratuta gaineratu du, eta oraindik zenbait desagertu daudela. "Begien bistakoa da itsasoratzean baimendu zena baino bidaiari gehiago zegoela ontzian", nabarmendu du Itsas Marina peruarreko ofizialak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea