Mundua -
Giza eskubideak
Mayo Plazako Amen presidentea atxilotzeko agindua eman dute Argentinan
Polizia Mayo Plazako Amen egoitzara bidaltzea “lotsagarria” dela salatu du Hebe de Bonafinik. Presidentearen hitzetan, “ikaratu” nahi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hebe de Bonafini Mayo Plazako Amak giza eskubideen elkarteko presidentea atxilotzeko agindua eta Argentinatik alde egitea debekatzeko agindua eman du gaur epaile batek, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Estatuari ustez egindako iruzurragatik auzia zabaldu zioten eta De Bonafini ez da deklaratzera joan.
Marcelo Martinez de Giorgi magistratu federalak hartu du erabakia ‘Sueños Compartidos’ auziaren markoan. Epailea etxebizitza sozialen eraikuntzako programa baten bidez Administrazioari ustez egindako iruzurra ikertzen ari da. Ekimena Mayo Plazako Amen Fundazioak kudeatu zuen.
87 urteko De Bonafini ez zen epailearen aurrean agertu uztailearen 6an, aurreko hitzorduan. Gaur deklaratzeari uko egin dio berriro, eta Poliziak indarrez behartzea espero zuten.
Hala, Gomez de Olivera Argentinako Polizia Federaleko komisariordea elkarteko egoitzan agertu da, hiriburuko erdialdean, eta epaile federalak prestatutako "agindua bete" behar zuela azaldu du.
Bitartean, ia aldi berean, De Bonafini Mayo plazara joan da furgonetan. 1977tik ostegunero protesta egiten du elkarteak bertan, Gobernu nazionalaren egoitzaren aurrean, zapi zuriekin jantzita.
Ehunka lagunek emakumeari babesa eman diote ibilbidean eta oraingoz ez dute atxilotu.
Ehunka lagunek Hebe de Bonafiniri babesa eman diote Buenos Airesen. Argazkia: EFE
Bonafini: "Desagerrarazi egin nahi digute"
Plazan hitzaldia eman du elkarteko presidenteak. Polizia Mayo Plazako Amen egoitzara bidaltzea "lotsagarria" dela salatu du De Bonafinik. Presidentearen hitzetan, "ikaratu" nahi dituzte.
Atxiloketaren beldur ez dela adierazi du De Bonafinik, diktadura militarrean (1976-1983) "askotan" atxilotu zutelako. "Desagerrarazi egin nahi dute, baina nahiz eta hil borrokan jarraituko dugu", azpimarratu du.
Bestalde, buruzagi kichneristen presentzia eskertu du Hebe de Bonafinik. Mauricio Macriren Gobernua kritikatu du, ostera, "herria jazartzeagatik" eta "hondamendia ekartzeagatik".
Hitzaldia amaitu ondoren, eta jendetzaren artean, emakumea furgonetan sartu da berriz, eta elkarteko egoitzara eraman dute.
Auzian, magistratuak beste 42 pertsona deitu ditu, horien artean Nestor Kirchner (2003-2007) eta Cristina Fernandez haren emaztearen gobernuetako politikariak eta goi-kargudunak. Etxebizitzak eraikitzeko funtsak "legez kanpo" lortu eta kudeatzeko orduan, "funtzionario publikoek egiten utzi" ote zieten egiaztatu nahi du epaileak.