Mundua -

Gertakaria Brasilen

Polizia bat hil dute irratian elkarrizketatzen ari zirenean

Elkarrizketa zuzenean egin diote eta tiro hotsek eta Clayton Leao komisarioaren emaztearen oihuek eten dute. Emazteak laguntza eske oihukatzen zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziako komisario bat tirokatu eta hil dute gaur Bahiako estatuan (Brasil). Eraso egin diotenean bere autoan eta telefono mugikorraren bitartez Camaçariko irrati batean elkarrizketatzen ari ziren zuzenean, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Zuzenean eskaini duten elkarrizketa tiro hotsek eta komisarioaren emaztearen oihuek eten dute. Emazteak laguntza eske oihukatzen zuen. Gertakari larri baten aurrean zirela ulertu dute esatariek berehala, eta minutu batzuk geroago poliziaren heriotza baieztatu dute.

Clayton Leao Camaçariko polizia-etxeko komisarioa izan da biktima. Camaçari Bahiako (Brasileko ipar-ekialdean) hiririk handienetarikoa da. Droga-trafikatzaileen inguruko ikerketak esku artean zituen komisarioak.

Iturri ofizialen arabera, mugikorrez hitz egin ahal izateko kaleko albo batean ibilgailua geldiarazi du komisarioak eta bi erasotzailek tiro egin diote beste auto batetik. Tiroketaren ostean bi gizonek ihes egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea