Mundua -

Quetta

Eraso suizida batek 71 hildako utzi ditu Pakistango ospitale batean

Gainera, beste 128 pertsona zauritu dituzte. Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua.

Gutxienez 53 hildako, Pakistaneko ospitale batean izandako leherketan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 71 pertsona hil dituzte gaur eraso suizida batean, Quettako ospitalean (Pakistango mendebaldean), Poliziako iturriek jakitera eman dutenez. Gainera, atentatuak 128 zauritu utzi ditu.

Ghulam Akbar Poliziako bozeramaileak azaldu duenez, “leherketa handi batek” gutxienez 71 pertsona hil ditu Quettako Ospitale Zibilean. Gutxi lehenago Bilal Anwar Kasi Balutxistango Abokatuen Elkarteko presidentea tirokatu eta hil du gizon talde batek.

Eraso suizida “prestatu” dutela adierazi du Sanaullah Zehri Balutxistango gobernuburuak Geo telebistan. Abokatuaren aurkako atentatua eta erasoa suizida aurreikusita zeudela ziurtatu du.

Leherketaz gain, tiroketa bat gertatu da osasun zentroan. Kasiren erasoaren ondoren, abokatu ugari bildu dira ospitalean, iturriaren arabera.

“Abokatuari tiro egin behar ziotela eta beste abokatuak ospitalera hurbilduko zirela bazekiten. Hala, abokatuak ospitalera joan direnean lehergailuak zartarazi ditu suizidak”, esan du Zehrik.

Leherketaren ondoren larrialdi egoera ezarri dute hiriko ospitale guztietan.

Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroak hilketak gaitzetsi ditu agiri batean, eta “bakea aztoratzen inori” utziko ez diotela gaineratu du.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatuan interneten argitaratutako prentsa ohar batean.

Zenbait eraso

Azken hilabeteetan zenbait abokaturi eraso egin diete Balutxistango probintzian. Hego-mendebaldeko eskualdean talde armatu separatistak segurtasun indarren eta Estatuko beste erakundeen aurkako borrokan ari dira, baita talibanak eta talde jihadistak ere.

Orain dela astebete baino gutxiago Jahanzeb Alvi abokatua hil zuten, eta ekainean Amanullah Achakzai Zuzenbide Unibertsitateko zuzendaria tirokatu zuten.

2014ko ekainean Armadak terrorismoaren aurkako operazio bat abiatu zuen Pakistango ipar-mendebaldean. Gutxienez 3.400 matxino eta 488 soldadu hil dira, independenteek egiaztatu gabeko datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Atentatuak albisteak