Mundua -
Bisita Louisianara
Petrolio isuria kostaldeari egindako "eraso" bat da, Obamaren ustez
Historiako isuririk larrienak eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko Louisianara joan da AEBetako presidentea. Gainera, marea beltzari aurre egiteko langileen kopurua hirukoiztea agindu du.
Erredakzioa
Mexikoko Golkoan izandako petrolio isuria "gure kostaldeei, biztanleei eta ekonomiari egindako eraso bat da", Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan.
Ostiral honetan Louisianako kostaldea bisitatu du AEBetako presidenteak, isuriak eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko. Dagoeneko historiako isuririk larriena da.
Petrolioaren kontra borrokan ari diren arduradunekin bildu ostean, marea beltzari aurre egiteko langile federalen kopurua hirukoizteko agindua eman duela iragarri du Obamak.
Hobia itxi
Bien bitartean, British Petroleum konpainiak petrolio-hobia ixteko egin dituen azken saiakerek arrakasta izan duten baieztatzeke dago.
"Operazioak arrakastarik izan ezean, Steve Chu Energia idazkariak eta haren taldeak alternatiba guztiak dituzte kontuan", azaldu du Obamak lasaitasun mezu bat zabaltzeko.
Azken hiru asteetan Louisianara egindako bigarren bisita da eta kaltetutako zonaren gainetik hegan egin du Obamak. Gainera, hondartza bat ikusi eta Thad Allen almirantearekin bilera informatiboa izan du. Allenek marea beltzaren kontrako borroka antolatzen du.