Mundua -
Iruzkina
Netanyahuren amarrua
Israelgo Gobernua kezkatzen hasi da Turkiako ontzi bat erasotzeak nazioarteko eskandalua sortu badu, estatubatuar bat erasotzeak oraindik kalte handiagoa egin dezakeelako.
Jesus Torquemada
Giza laguntza daramaten beste bi ontzi doaz Gaza aldera. Bata irlandarra da, Rachel Corrie, eta bestea estatubatuarra, Challenger. Israelgo Gobernua kezkatzen hasi da. Nazioartean eskandalu handia izan bada Turkiako ontzi bat erasotzea, estatubatuar bat erasotzeak oraindik kalte handiagoa eragingo lioke Israelgo atzerri politikari.
Oso interesgarria da Rachel Corrie ontziaren kasua. 2003an Gazako mugan hil zen Palestinaren aldeko ekintzaile baten izena darama. Israelgo hondea-makina batek harrapatuta hil zen, Israel etxebizitza palestinar batzuk suntsitzen ari zela.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak badaki oso garesti ordaindu beharko duela bi ontzi horiek erasotzen baditu. Hori dela eta, irtenbide baten bila dabil. Nazioarteko herrialdeen inplikazioa nahi du ikuskaritza lanak egiteko, ziurtatzeko Gazara doazen ontziek Hamasentzat armak ez eramatea.
Irtenbide horrek, ordea, tranpa dauka. Ze horrek esan nahi baitu kontroletan parte hartzen duten herrialdeek onartu egiten dutela Gazaren kontrako blokeoa. Ez da hori Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko komunitateak aho batez eskatu dutena: Gazaren kontrako blokeoa altxatzeko eskatu dute, legez kanpokoa delako.