Mundua -
Gobernuaren aurka
Zentsura-mozioak atzera bota ditu Israeleko Parlamentuak
Netanyahuren Exekutiboaren kontra bost mozio aurkeztu dituzte. Zentsura-mozio nagusiak aldeko 25 boto jaso ditu eta 59 diputatuk aurka bozkatu dute. Bestalde, 9 parlamentari abstenitu egin dira.
Erredakzioa
Benjamin Netanyahu lehen ministro eskuindarraren Gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura-mozioak atzera bota ditu gaur Israeleko Parlamentuak (Kneset). ''Askatasunaren Ontzidia''k sortutako krisia dela-eta aurkeztu dituzte mozioak.
Tzipi Livni oposizioko buruzagiak defendatu du mozio nagusia, izan ere, guztira bost aurkeztu dituzte. Zentsura-mozioak aldeko 25 bozka izan ditu eta 59 diputatuk kontrako botoa eman dute. Beste bederatzi parlamentari abstenitu egin dira.
Horrela, Tzipi Livni Israeleko oposizioko buruak, Benjami Netanyahu lehen ministroaren Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztu du, ''Askatasunaren Ontzidia''n eragindako krisiaren kudeaketa dela eta.
"Bere erantzunkizuna saihestea eta kritikak militarrengana zuzentzen saiatzea" egotzi dio Livnik Netanyahuren Gobernuari.
Nazioarteko zazpi ontzik Israeleko blokea apurtu eta gizarte laguntza eraman nahi zuten Gazara, baina Israeleko Armadak aurre egin zien eta bederatzi turkiar hil zituen.
Netanyahuren erantzuna
Livniren egitasmoa ezagutu ostean, Netanyahuk "erantzunkizuna" eskatu dio Livniri eta "hurrengo ontziak etorriko direla eta orain Gobernuarekiko konfiantza behar dugula" azpimarratu du.
Orain dela urtebete baino gehiago, Israeleko Armadak Gazari eraso egin zionean –1.400 palestinar hil ziren nazioarteko komunitateak gogor kritikatu zuen- bera oposizioan zegoela eta zentsura-moziorik aurkeztu ez zuela gogorarazi du Netanyahuk. Orduan, Livniren Kadima alderdiko Ehud Olmert zen Gobernuaren lehen ministroa.
Nazioarteko ontzidiaren kontra egindako erasoaren inguruko ikerketa propioa egingo duela iragarri du gaur Israeleko Gobernuak.
Espainiako ekintzaileen salaketa
Bestalde, datozen asteetan Israel salatuko dutela iragarri dute Manuel Tapial eta Laura Arau Kultura, Bakea eta Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundeko ekintzaileek. Salaketa Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkeztuko dute, gizateriaren aurkako delituengatik. Izan ere, Israeleko Armadak ontzidia humanitarioari eraso egin zion eta bederatzi boluntario hil zituen.
Bahiketa, tortura, itsas lapurreta eta giza eskubideak urratzeagatik Israel salatuko dutela azaldu du Tapialek.