Mundua -
Gaza
Israelek ontzidiaren erasoaren berezko ikerketa bat egingo du
Armadak beste azterketa bat egingo du Gobernuarengandik bereizita eta aditu batzuk izendatu ditu. Gobernuak Gazaren blokeoa nazioarteko eskubideak errespetatzen dituen ikertuko du ere.
Erredakzioa
Israelgo Gobernuak Gazara laguntza humanitarioa zeraman nazioarteko ontzidiaren erasoaren berezko ikerketa egingo du. Erasoan bederatzi aktibista turkiar hil egin zituzten.
Operazioan parte hartu zuten soldaduen arabera, aktibistek labanekin eta makilekin eraso egin zieten, eta horregatik egin zuten tiro.
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez, Armadak beste ikerketa bereizi bat egingo du, eta Gobernuaren helburua duela lau urte Israelek Gazan ezarritako blokeoa eta ontzidiaren erasoa "nazioarteko eskubideak errespetatzen dituen argitzea" da.
Igandean, Israelek, ordezkari turkiar, israeldar eta estatubatuarrekin nazioarteko ikerketa bat sortzeko Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiaren proposamena ukatu zuen.
Armadaren ikerketa
Israelgo Armadak aditu talde bat izendatu du ontzidiaren erasoa ikertzeko.
Taldeak Giora Eiland du buruzagi eta dibisio ezberdineko militarrek osatzen dute. Haien helburua "operazioan izandako emaitza eta ikasitako lezioak zehaztea da". Emaitza Estatu Nagusian aurkeztu beharko dute uztailaren 4an.
Operazio eta Inteligentzia dibisioetako kideek, Marinako ordezkariez gain, militarrek egin dituzten barne ikerketek emandako datuak aztertuko dituzte.
Israelek ez dio Irani pasatzen utziko
Israelgo Gobernuak adierazi duenez, ez du inola ere, Irango ontzirik Gazaren Zerrendara hurbiltzen utziko, armak eraman ditzaketelako.
Iranek iragan astelehenean adierazi zuen laguntza humanitarioa zeramaten bi ontzi bidaliko zituela Gazako herritarrei laguntzeko.
"Ontzi irlandar bati pasatzen ez badiogu uzten, are gutxiago utziko diegu ontzi irandarrei pasatzen", adierazi dute Israelgo agintariek.