Mundua -
Iruzkina
Alemaniak Europaren norabidea seinalatzen du
Merkelek hartutako neurriek eragina izango dute Europar Batasunaren eta baita euroaren etorkizunean ere. EBan Alemania da ekonomia suspertzeko neurriak hartzeko moduan den bakarra.
Jesus Torquemada
Larria da benetan Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hartu duen erabakia. Eragina izango du Europar Batasunaren eta baita euroaren etorkizunean ere.
Europar Batasunean Alemania da ekonomia suspertzeko neurriak hartzeko moduan den bakarra. Bere kideek eskatzen zioten, murrizketak onartu baino lehen, pixka bat gehiago itxaroteko. Behar zuena baino gehiago gastatzeko Alemaniako eta, bide batez, kideen ekonomia suspertzeko. Baina Merkelek justu kontrakoa egin du: guraizea sartu dio gastu publikoari, eta ondorioz, bi alternatiba dituzte gainerakoek:
Bata Alemaniak egin duena egitea da, gastua oraindik gehiago murriztea; eta horrek zera dakar: zerbitzu publikoak nabarmen murriztea, ekonomia ez aurrera ez atzera geratzea, eta langabezia altua edukitzea. Beste alternatiba Alemaniaren bidea utzi eta euroa baztertzea, eta hori ere hondamendia da.
Baina batez ere, zama ideologiko handia dauka Merkelen erabakiak. Ze esan nahi baitu diru publikoa areagotzearen ordez, gastu publikoa murriztea erabaki duela, eta hori langabeek, txiroenek, ordainduko dute, aldiz, botere finantzieroak airoso aterako dira guzti horretatik.