Mundua -
Iruzkina
Herbehereek eskuinera jo dute
Eserleku gehien lortu dituzten bi alderdiak liberala eta ultraeskuindarra dira. Demokristaua, betiko zentro-eskuinekoa, hondoratu egin da.
Jesus Torquemada
Herbehereetan eskuin alderantz aldaketa eman da atzoko hauteskundeekin, ekonomiari zein gizarteari dagozkien gaietan. Eserleku gehien lortu dituzten bi alderdiak liberala eta ultraeskuindarra dira. Demokristaua, betiko zentro-eskuinekoa, hondoratu egin da, eta sozialdemokratak, betiko zentro-ezkerreko alderdiak, eserleku bakar bat galdu du.
Mark Rutte buru duen Alderdi Liberala oso eskuineko politikaren aldekoa da ekonomiari dagokionez; zergak jaitsi aberatsentzat eta gastu soziala murriztu pobreentzat. Geert Wilders ultraeskuindarra, berriz, musulmanen kontrakotzat jotzen du bere burua; etorkin musulmanen etorrera eragotzi nahi du eta daudenak herrialdetik botatzearen aldekoa da.
Gainera, bi alderdiak Europaren kontrakoak dira, Europar Batasunaren boterea murriztu nahi dute eta Herbehereentzat burujabetza handiagoa berreskuratu nahi dute.
Herbeheretarrek jarri dute oreka puntua; sozialdemokratei espero baino boto gehiago eman dizkiete. Azken horiek ez dute gastu sozialak horrenbeste murrizteko asmorik eta Europaren aldekoagoak dira. Horregatik, baliteke liberalek eta sozialdemokratek euren artean osatzea koalizioa, eta horrek arindu egingo luke pixka bat Herbehereetan eskuin aldera eman den aldaketa.