Mundua -

74,1 droga tona

2.200 lagun atxilotu dituzte AEBek drogen aurkako operazio batean

Bakarrik atzo 429 lagun atxilotu zituzten 'Project Deliverance' operazioan. Operazioa duela 22 hilabete hasi zuten eta Mexikoko droga kartelen aurka egitea zuen helburu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo 429 lagun gehiago atxilotu zituztela iragarri du gaur Eric Holder AEBetako fiskal nagusiak. Ondorioz, dagoeneko 2.200 lagun atxilotu eta 74,1 tona droga atzeman ditu Poliziak. Amerikako Estatu Batuetan aritzen diren Mexikoko droga-trafikatzaileen aurkako operazioa duela 22 hilabete hasi zen.

Holderrek prentsaurrekoan azaldu duenez, bakarrik atzo 429 lagun atxilotu zituzten ''Project Deliverance'' operazioan. Operazioa duela 22 hilabete hasi zuten eta Mexikoko droga kartelen garraio azpiegituren aurka egitea zuen helburu.

Asteazkeneko operazioan 3.000 agente baino gehiagok parte hartu zuten, eta nahiz eta arrakasta izan, trafikatzaileen kontrako "gerran bataila bat baino ez da izan", Holderren esanetan.

Operazioan 5,8 milioi dolar, 1.339 kilo marihuana, 112 kilo kokaina, 7,7 kilo metanfetamina, 141 arma eta 85 ibilgailu atzeman zituen Poliziak.

Castro-Rocha kartela

Holderren arabera, Carlos Ramon Castro Rocha Castro-Rocha karteleko ustezko buruzagia atxilotu dute. Mexikoko agintarien laguntzarekin egindako operazioan guztira 154 milioi dolar, 572,9 kilo metanfetamina, 2,5 tona kokaina, 640 kilo heroina, 69 tona marihuana, 501 arma eta 527 ibilgailu atzeman dituzte.

Justizia Departamentuaren komunikatu baten arabera, 22 hilabeteko ikerketa Arizona, Kalifornia, Colorado, Florida, Georgia, Illinois, Maryland, Misuri, Montana, Nevada, Mexiko Berria, New York, Ipar Karolina, Pensilvania, Tennessee, Texas, Virginia, Washington eta Wisconsineko estatuetan egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea