Mundua -
Hungaria
Parte-hartze baxuak baliogabe utzi du errefuxiatuen gaineko galdeketa
Ez da behar zen % 50eko parte-hartzera iritsi.
Agentziak | Erredakzioa
Gergely Gulyas Gobernuko presidenteordeak jakitera eman duenez, Hungarian igande honetan egin duten galdeketak ez du azkenean baliorik izango, ez duelako lortu beharrezkoa zen % 50eko parte-hartzera iristea. Aipatu galdeketa errefuxiatuak eta immigranteak hartzeko Europar Batasunak ezarritako kuotei buruzkoa zen.
Hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan Gulyasek esan du parte-hartzea % 45 ingurukoa izan dela.
"Ikuspegi juridikotik , erabakia Legebiltzarraren esku geratzen da, baina zentzu politikoan, hautesleen erabakia loteslea da gu guztiontzat", zehaztu du presidenteordeak.
Hungariako Hauteskunde Bulegoaren arabera (NVI), % 43,3 izan dira baleko bozak (beharrezkoa zen % 50 baino gutxiago). NIVren esanetan, eta botoen % 94 zenbatuta, ezetzaren aldekoen kopurua % 98,24koa izan da, eta baietzaren aldekoena, berriz, % 1,76koa.
Hungariarrek honako galdera honi erantzun behar izan diote, "bai" ala "ez" bozkatuz: "Ados al zaude Europar Batasunak hungariarrak ez diren hiritarrak Hungarian derrigorrez kokatzea erabakitzeko eskubidea izatearekin?".
Emaitza "paregabea"
Viktor Orban Hungariako ehen ministro kontserbadoreak paregabetzat jo ditu errefuxiatuen kuotei buruzko galdeketan lortutako emaitzak, eta horren aurrean konstituzio-zuzenketa bat aurkeztuko duela aurreratu du, "jendearen borondatea jasota gera dadin."
"Bide luze dugu aurretik, borroka gogorrekin", azaldu du Orbanek, eta zehaztu du hautesleen % 98k adierazi dutela ez datozela bat Europar Batasunak "inposatu nahi dituen migrazio-politikekin".
"Exodo modernoaren aurrean Europar Batasunaren erantzuna (errefuxiatuak) era behartuan birkokatzea da", azaldu du, eta "hungariarrek hori ukatu egin dute", gaineratu du.