Mundua -

Ghazni

Afganistango 50 neska gasarekin eraso dituzte ikastetxean

Talibanak emakumezkoen heziketaren kontra daude eta hamaika atentatu burutu dituzte haurrak eskolara joan ez daitezen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 bat neska ospitalera eraman behar izan dituzte euren eskolaren aurka eginiko atentatuan erabilitako gasak intoxikatuta. Ikastetxea Ghazniko hiriburuan dago, herrialdearen hego mendebaldean.

Adingabeak txarto sentitzen hasi eta batzuk konorterik gabe ere geratu dira gasa arnastu ostean. "Berriz ere, mota berdineko atentatu baten aurrean gaude, neskak gogogabetzeko eta klasera joateari utz diezaioten", Nawroz Ali Mahmoodzada herrialdeko polizia arduradunak azaldu duenez. Talibanak emakumezkoen heziketaren kontrakoak dira eta hainbat atentatu gauzatu dituzte neskak klasera joatea ekiditeko.

"Oso kezkagarria da. Oraindik ez dugu arrastorik aurkitu atentatuaren burujabetzari dagokionez, ez nondik datorren ezta nor den erantzulea ere", argitu du Mahmoodzadak. Safiullah Gahzni hiriburuko ospitale zentraleko medikuak esan duenez, nesken gehiengoak laguntza behar izan du eta dagoeneko kalean daude. Beste batzuek, ordea, oraindik ospitaleratuta jarraitzen dute.

Gas bidezko atake honek antzekotasun handiak ditu Kabulen eta Kunduzgo hiriburuan gauzatutako beste atentatu batzuekin. Umeek kontatu bezala, lehenik usain gozoa igartzen dute eta handik gutxira ondoezik jartzen dira edo botaka hasten dira. Momentuz, jazoera hauetariko batek ere ez du heriotzarik eragin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea