Mundua -

Kolonbia

FARCek duela 12 urte bahitutako hiru polizia askatu egin ditu Armadak

Halaber, soldaduak beste bahitu baten bila daude, operazio militarrean haren arrastoa galdu baitzuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Armadak FARCen esku 12 urte zeramatzaten hiru polizia askatu ditu herrialdeko hegoaldean dauden oihanetan. Gainera, operazioan haren arrastoa galdu zuten beste bahitu baten bila daude oraindik.

Hain zuzen ere, Luis Herlindio Mendieta jenerala, Enrique Murillo koronela eta Arbey Delgado sarjentua askatu dituzte. Hirurak 1998an bahitu zituzten, eta Kolonbiako Poliziako kideak ziren.

Lehenengo bien askapena Alvaro Uribe presidenteak baieztatu ditu, eta "onik" daudela gaineratu du.

Uribek azaldu duenez, operazio miltiarra Guaviren egin dute, hots, 2008ko uztailean Ingrid Betancourt presidentegai ohia askatu zuten departamenduan.

Delgado sarjentuaren erreskatea haren amak, Ruth Amelia Argotek, baieztatu du, hainbat irratitan.

Ondoren, Gabriel Silva Defentsa ministroak zehaztu zuen beste bahitu baten bila daudela. William Donato Gomez Poliziako kapitaina bilatzen ari dira.

"Gure informazioen arabera, ingurutik ihes egiten ari zen. Ezkutatuta egotea eta hurrengo orduetan aurkitzea da itxaropena", esan du Silvak.

Bere esanetan, operazio militarra "perfektua" izan da, ez baita arriskuan jarri bahitutakoen bizitza.

Astebete barru, Kolonbiako Presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulia egingo dute, eta Juan Manuel Santos eta Antanas Mockus hautagaiek zoriondu egin dute presidentea.

Mendieta jenerala eta Murillo koronela 1998an bahitu zituzten, gerrilak Mitu hirian egindako eraso ikusgarrian. Delgado Poliziaren base batean atzeman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea