Mundua -

Polizia-operazioa

Gizon bat atxilotu dute Alemanian, atentatua egiteko asmoa zuelakoan

Atxilotua 22 urteko errefuxiatu siriar bat da, eta larunbatetik ari ziren haren bila.

Jaber al Bakr. Argazkia: Reuters
Jaber al Bakr. Argazkia: Reuters
Jaber al Bakr. Argazkia: Reuters

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat atxilotu dute Alemaniako Leipzig hirian bonba-eraso bat egiteko asmoa zuelakoan, Alemaniako Poliziak jakinarazi duenez. Atxilotua 22 urteko errefuxiatu siriar bat da, eta larunbatetik ari ziren haren bila.

"Nekatuta, baina pozez gainezka: terrorismoaren susmagarria harrapatu dugu bart Leipzigen", adierazi du Saxoniako Poliziak Twitter sarean duen kontuan.

Jaber al Bakr ei da atxilotutako susmagarria, eta, antza denez, segurtasun indarrek Chemnitz hirian egindako polizia-operaziotik ihes egitea lortu zuen. Gutxienez bi pertsona atxilotu zituzten aipaturiko polizia-operazioan.

Alemaniako Fiskaltza Federalak "motibazio islamista batekin" terrorismo ekintza bat egiten saiatzea leporatzen dio atxilotuari. Larunbatean ihes egitea lortu zuen, hain justu, Polizia haren etxera sartu baino apur bat lehenago.

Poliziak atentatu bat egiteko lehergaia aurkitu zuen atxilotuaren etxebizitzan; zehazki, azetona peroxidoa (TATP) aurkitu zuten, Estatu Islamikoak erabiltzen ohi duen lehergaietako bat. Hori dela eta, Estatu Islamikoak trebatu zuela uste dute ikertzaileek.

Saxoniako Poliziak prentsaurrekoa eskainiko du 13:30ean, operazioari buruzko xehetasunak emateko. Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen larunbatean, eta, gutxienez, beste bat atzo, 22 urteko siriarrarekin harremana dutelakoan.

Operazioa uztailean Estatu Islamikoak Ansbach eta Wuerzburg hirietan egindako bi atentatu bere gain hartu ondoren hasi zuten. Guztira, 20 pertsona inguru zauritu ziren eraso haietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Alemania albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak