Mundua -
Hildakoen balantzea
Mila pertsonatik gora hil dira Haitin, Matthew urakanaren ondorioz
Urakanak indarra galdu du eta Ipar Carolina igaro ostean Ozeano Atlantikorako bidea hartuko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dagoeneko milatik gora dira Matthew urakanaren ondorioz Haitin hildakoak, Reuters albiste agentziak bertako iturriak aipatuz jakitera eman duenez.
Agintariek 336 pertsonaren heriotza baieztatu dute oraingoz, baina Reutersen esanetan, mila inguru dira hildakoak, bertako funtzionarioek emandako datuen arabera.
Matthew urakana hamar urtean Karibe itsasoan sortu den ekaitzik basatiena izan da. Asteartean, orduko 230 kilometroko haize-ufadak neurtu zituzten Haiti uhartean Mattew urakanaren ondorioz.
AEBn lurra hartu eta ordu gutxira, Matthew urakanak indarra galdu du. Gutxienez, 15 pertsona hil dira Ameriketako Estatu Batuetan urakanaren ondorioz.
Ekaitza Ipar Carolina igarotzen ari da orain, eta Ozeano Atlantikorako bidea hartuko du ondoren.