Mundua -
Iruzkina
Europaren dilema: defizita edo hazkundea
Europar Batasunak datozen urteetan izango duen eredu ekonomikoa da jokoan dagoena Europar Batasunaren Kontseiluak egingo duen bileran.
Jesus Torquemada
Europar Batasuneko 27 herrialdeetako agintari gorenek, hau da, Europar Kontseiluak, bilera garrantzitsua du gaur. Kontseiluaren bilera guztiak dira inportanteak, baina hau bereziki nabarmendu beharrekoa da. Europar Batasunaren etorkizunerako erabaki oso garrantzitsuak hartuko ditu; eta gaur bertan hartzen ez baditu, urrian egingo den hurrengo goi bileran onartzeko prest utziko ditu.
Datozen urteetarako Europar Batasunak aukeratu behar duen eredu ekonomikoa da jokoan dagoena. Honako hauxe erabaki behar da: aurrekontu orekari lehentasuna eman eta horrekin hazkundea alde batera utzi, edo, hazkundeari lehentasuna eman eta aurrekontu oreka alde batera utzi. Egokiena bi gauzak batera lortzea litzateke, baina momentuko egoera ikusita ez dirudi horretarako aukerarik egongo denik; bietatik bat hautatu beharko da.
Alemaniak azken aldian aurrekontu alorrean hartutako erabakien ondoren eta Angela Merkel kantzilerraren adierazpenak entzunda, ez dago zalantza handirik: aurrekontu orekari lehentasuna emango zaio.
Horrek ondorio sozial, ekonomiko eta politiko handiak ditu Espainia bezalako herrialdeentzat; oraindik ez da atzeralditik atera eta langabezia oso handia du.