Mundua -
Atentatua Turkian
Lau hildako militarren autobusen aurkako erasoan, Istanbulen
Militarrak eta haien senideak zihoazen autobusen aurka bonba bat leherrarazi dute. Hildakoen artean 17 urteko neskatila bat dago.
Erredakzioa
Lau lagun hil dira eta beste 14 zauritu, Turkiako Armadaren hiru autobusen aurka bonba bat zartarazita, Istanbulen.
Autobusetan militarrak eta senideak zihoazen, euren etxeetatik lantoki eta ikastetxeetara bidean.
Huseyin Avni Mutlu Istanbuleko gobernadoreak jakinarazi duenez, leherketa 07:35ean izan da. Biktimetako bat 17 urteko neskatila dela ere zehaztu du, ikastetxera zihoan aitak lagunduta.
Hil diren beste hirurak Armadako sarjentuak dira. Horrez gain, 14 zaurituetako bat oso larri dago. Istanbuleko gobernadoreak azaldu duenez, bonba errepidearen albo batean zegoen jarrita eta hirugarren autobusa igaro denean urrutiko kontrolaren bidez leherrarazi dute.
Oraingoz ez da atxiloketarik izan eta inork ez du erasoa bere gain hartu. Duela bi aste Poliziaren ibilgailu baten aurkako atentatua izan zen inguru berean.