Mundua -

bideo baten bidez

AEB TTPtik atera nahi duela iragarri du Trumpek

AEBko presidente hautetsiaren arabera, "hondamendia izan liteke" nazioaren interesetarako. Trukean aldebiko itunak bultzatuko ditu enplegua sortzeko, gaineratu du.

Agintaldiko lehen ehun egunetarako asmoak iragarri ditu Trumpek

1:17

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak iragarri du herrialdea Lankidetza Transpazifikoaren Itunetik (TTP) irtenarazteko asmoa duela, "hondamendia" litzatekeelako nazioaren interesen ikuspuntutik.

Ez da lehen aldia Donald Trumpek itunaren aurka egiten duela, kanpainan baten baino gehiagotan egin baitzuen, baina, oraingoan zehaztu duenez, Etxe Zurira sartzen denean, hurrengo urtarrilean, "aldebiko merkataritza itunak" negoziatzen saiatuko da, herrialdean enplegua sor dezaten.

TPP Barack Obama presidenteak bultzatutako ekimena da, eta AEBko Kongresuak ez dio oraindik oniritzia eman; izan ere, gehiengoak (errepublikanoen esku) aurka egin du irmoki.

Presidente hautetsiak bi minutu t'erdiko bideo baten eman du bere asmoen berri. Bertan, Presidentetza hartu eta gero -urtarrilaren 20an- iragarriko dituen neurrietako batzuk jaso ditu.

"AEB TTPtik irtenarazteko asmoaren jakinarazpena igorriko dut, gure herrialdearentzat hondamendia izan liteke", baieztatu du.

Trukean aldebiko itunak bultzatuko ditu enplegua sortzeko, gaineratu du, iraganeko itunetan galdu baitira.

TTP otsailaren 4an adostu zuten, negoziatzen sei urte baino gehiago eman ostean. 12 herrialdek bat egin zuten, besteak beste, AEBek, Australiak, Kanadak, Txilek, Mexikok eta Peruk.

Ozeano Barearen Arroako merkataritza akordiotzat jo dute eta, besteak beste, Txinaren zabalkundeari aurre egitea du helburu.

Akordioan jaso zutenez, bi urteko epea izango dute kide izan nahi duten parlamentuek oniritzia eman diezaioten, baina indarrean egoteko blokearen BPGaren % 85 ados egon behar da gutxienez.

AEBk alde eginez gero, zailtasunak izango dituzte ituna abiarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Barack Obama Hauteskundeak AEB albisteak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Melania Trump