Mundua -
'Max' aldizkarian
Savianoren hilotza erakusten duen fotomuntaketak eztabaida sortu du
Argazkian, Roberto Saviano idazlea hilik agertzen da, ospitaleko gorputegi batean. Savianok ez du irudia oso gustura hartu.
Erredakzioa
''Max'' hilabetekariak argitaratuko duen hurrengo aleak fotomuntaketa polemiko bat ekarriko du. Bertan, Roberto Saviano idazlea ospitaleko gorputegi batean hilik agertzen da, Italian zeresan eta eztabaida ugari sortu duen argazkia. Gomorra liburuaren egileak irudia gustu txarrekotzat jo du.
Andrea Rossi ''Max'' aldizkariaren zuzendariak adierazi duenez bestalde, argazkiarekin Saviano babestu besterik ez zuen egin nahi. Izan ere, Gomorra idatzi zuenetik bizkartzainekin bizi da Camorrak egin dizkion mehatxuak direla eta. Rossi-k azaldu duenez, mafiaren aldetik datozen erasoez gain, politikari eta pertsonaia ezagunak ere salatu nahi ditu, azken denboraldian Savianok liburuan dioena gezurtatu nahian baitabiltza. Silvio Berlusconi-k esaterako, idazleak munduan Italiaren irudi okerra zabaltzen duela esan du.
Bestetik, idazleak ez du irudia oso gustura hartu. Bere hitzetan, "ni bezala, Italian eta atzerrian babespean bizi garenon aurka espekulatzen du. Fotomuntaketa honek gainera, ez du errespeturik, ez nirekiko ezta hedabideen fokuetatik kanpo bizia arriskatzen dutenekiko ere. Nire heriotzaren inguruko presio honek guztiak harrituta utzi gaitu familiaren baitan. Hala ere, garbi utzi nahi dut: ez daukat hiltzeko inongo asmorik".