Mundua -
Migrazioa
Itotzear zeuden 67 errefuxiatu erreskatatu dituzte Kroazian
Furgoneta baten karga-konpartimentuan zeuden sartuta, eta karbono monoxidoa arnasten ari ziren.
Agentziak | erredakzioa
Furgoneta baten barruan zihoazen Afganistan eta Pakistango hirurogeita zazpi errefuxiatu erreskatatu zituen atzo gauean Kroaziako Poliziak (gehienak asfixia eta hipotermia sintomekin) Belgrad eta Zagreb lotzen dituen errepidean. Bost egun zeramatzaten ezer jan gabe.
Horietako hogeita hamabostek ospitalean jarraitzen dute, horien artean hiru ume.
Zaurituak bost osasun zentrotara eraman zituzten, eta horietako arduradun batek HRT telebistari adierazi zionez,"bidaiariak karbono monoxidoz intoxikatuta zeuden, horrenbestez, batzuk konortea galduta zeuden".
Pazienteetako lau larri egon eta beste bat operatu egin behar izan duten arren, inor ez dago hiltzeko arriskuan.
Poliziak Erresuma Batuko matrikula zuen furgoneta Novska parean geldiarazi zuen, Zagrebtik 100 kilometro ingurura.
Karga-konpartimentua arakatzean errefuxiatuak aurkitu zituzten, horietako asko konortea galduta gasa arnasteagatik.
Bulgariako bi herritar atxilotu dituzte gertaerarengatik, herrialdean immigranteak legez kanpo sartzea leporatuta.