Mundua -

Alemania

Christian Wulff izango da Alemaniako hurrengo presidentea

Biltzar Federalak Christian Wulff kristaudemokrata aukeratu du gehiengo osoz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christian Wulff kristaudemokrata izango da Alemaniako presidente berria Alemaniako Biltzar Federalak, gehiengo osoz, erabaki ostean. Alemaniako presidenterik gazteena izango da; orain arte, Saxonia Behereko burua izan da Wulff.

Biltzar Federaletako 1.242 kidetatik 625ek botoa eman diote; Joachim Gauck sozialdemokratak, ordea, 494 boto lortu ditu, Norbert Lammert ganbarako presidenteak jakinarazi duenez.

Angela Merkel Alemaniako kantzelariaren koalizioak aurkeztu duen hautagaiak kale egin du lehen bi bozketetan, Gobernuan diren alderdien barnean dauden desadostasunak direla-eta . Izan ere, teorian 21 botoko gehiengo bat zuten Wulff lehen itzulian inposatzeko.

Merkelen koalizioko alderdien (CDU, CSU eta FDP) 44 ordezkarik ez dute Wulff lehen bozketan babestu. Bigarrenean, ostera, 29k ez diote botoa eman eta hirugarrenean 19k.

Batasun deia

CDU, CSU eta FDPko ordezkariei batasun deia egin die Alemaniako kantzelariak eta Wulffen porrot berri batek koalizioko Gobernuarentzat izan zitzakeen ondorioetaz ohartarazi die hirugarren bozketa baino lehen egindako bilera batean.

Hirugarren bozketa Wulff eta Gaucken arteko lehia izan da, izan ere, Ezkerrak eta Alemaniako Alderdi Nazionaldemokrata (NPD) ultraeskuindarrak euren hautagaiak ez dituzte aurkeztu. NPDk Frank Rennikke abeslaria zuen hautagaitzat eta Ezkerrak Lukretia Jochimsen kazetaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea