Mundua -
Iruzkina
Merkel ez dago bere une onenean
Aurreko bederatzi presidenteak zalapartarik gabe aukeratu zituzten, baina hamargarrenak, Christian Wulffek, hiru bozketa eta bederatzi ordutik gora behar izan ditu aukeratua izateko.
Erredakzioa
Orain arte Alemaniako Errepublika Federaleko presidentearen hautaketa tramite hutsa zen. Presidente kargua zeremoniala da batez ere, benetako boterea kantzillerrak baitauka, baina hala ere, errespetatzen den kargudun bat da.
Aurreko bederatzi presidenteak zalapartarik gabe aukeratu zituzten, baina hamargarrenak, Christian Wulffek, hiru bozketa eta bederatzi ordu baino gehiago behar izan ditu aukeratua izateko.
Koalizio-gobernua kristau-demokratek eta liberalek osatzen dute. Wulffen hautagaitzak koalizioaren babesa zuela eta koalizio horrek behar den gehiengoa zuela kontuan izanda, lehen bozketa nahikoa izan behar zuen aukeratua izateko. Baina hor zerbait gertatu da.
Eta gertatu dena da koalizio horretako diputatu askok, 40 inguruk, zaplasteko bat eman nahi izan diotela euren buruzagia den Angela Merkel kantzillerrari.
Horrek agerian uzten du aspalditik ageriko sekretua dena: koalizioak ez du funtzionatzen, kristau-demokratak eta liberalak ez dira elkarrekin ondo konpontzen, eta Merkelek ez du lortzen agintea ezartzerik.