Mundua -
Analisia
Lehia estua Poloniako hauteskundeetan
Lehenbiziko itzulian, Bronislaw Komorowski nahiko erraz gailendu zitzaion Jaroslaw Kaczynskiri; baina ez zuen gehiengo osoa lortu, eta ondorioz bigarren itzulia egingo dute gaur.
Jesus Torquemada
Azken inkesten arabera, ez dago batere garbi zer gertatuko den Poloniako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan.
Lehenbiziko itzulian, Bronislaw Komorowski nahiko erraz gailendu zitzaion Jaroslaw Kaczynskiri; baina ez zuen gehiengo osoa lortu, eta ondorioz bigarren itzulia egingo dute gaur.
Badirudi Kaczynskik babes handiagoa jaso duela kanpainak aurrera egin ahala, eta Komorowskirekin berdintzea lortu duela; inkesten arabera beti ere.
Gainera, nolabaiteko sinpatia-botoa ere jaso lezake Jaroslaw Kaczynskik, hegazkin-istripuan Lech anaia bikia galdu zuen tragedia familiarraren ondorioz.
Komorowski eta Kaczynski eskuindarrak eta kontserbadoreak dira biak; baina badituzte zenbait desberdintasun ideologiko euren artean. Komorowski esaterako, joera neoliberalen aldekoa da, eta ekonomia poloniarra suspertzeko plana defendatzen du, Europar Batasuneko kide leial izateko asmoa agertzearekin batera.
Kaczynskik ordea, tonu populistagoa eta nazionalistagoa erabiltzen du. Mesfidati agertzen da Europar Batasunarekiko; eta ekonomia poloniarra babestearen aldekoa da, politika neoliberalen arauak hitzez hitz bete gabe.