Mundua -
Hiriburutik gertu
Dozenaka hildako Kirgizistanen izandako hegazkin istripu batean
Zama-hegazkina da istripua izan duena, Turkiakoa. Etxebizitza multzo baten aurka egin du talka, eta, hortaz, biktima gehienak hango bizilagunak dira.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez 37 pertsona hil dira gaur, astelehena, Kirgizistanen, Turkiako zama-hegazkin batek istripua izan ostean, hango Larrialdi Egoeretarako Ministerioak zabaldutako azken datuen arabera. Ezbeharra Bixkek Kirgizistango hiriburuko aireportutik gertu izan da.
Halere, Talantbek Batiraliyev Kirgizistango Osasun ministroaren esanetan, baieztatu egin dute 31 pertsona hil direla, hegazkineko tripulazioko lau kideak barne, eta beste bederatzi hilotz agertu direla aipatu du, baina baliteke kopuru horrek are gehiago egitea gora.
"31 pertsona hil dira, tripulazioko lau kideak barne. Istripua izan den lekuan, gainera, beste bederatzi hildakoren gorpuak agertu dira", esan du ministroak egindako adierazpen nahasgarri batzuetan.
Hegazkinak "buelta eman zuen behera erori zenean eta hiru edo lau zatitan apurtu zen. Biktimen gorpuzkiak inguru osotik sakabanatuta ageri dira", azaldu du Mujammetkaliy Abulgaziyev lehen ministrordeak.
Aurretik aipatutakoez gain, beste bederatzi pertsona zauritu dira istripuan, eta Bixkekeko ospitaleetara eraman dituzte, Batiraliyeven arabera.
Avia Cargo Turkish Turkiako hegazkin-enpresaren Boeing 747-400 hegazkinak Turkish Airlinesen hegaldia egiten ari zen Dacha-Suu herriaren kontra jo duenean, Bixkekeko Manas aireportuko pistatik bi kilometro baino gutxiagora.
Ezbeharrean hildako biktima gehienak hango bizilagunak dira, eta, tartean, gutxienez sei ume daude.
Hegazkinak Hong Kong eta Istanbulen arteko bidea egiten ari zen, eta Bixkeken eskala egin behar zuen. Alabaina, bertan 07:17 (gurean, 02:17) zirenean, behera erori da, eta gutxienez 32 etxebizitza suntsitu ditu.