Mundua -

Bilera Etxe Zurian

Israelen eta AEBen arteko loturak 'apurtezinak' dira, Obamaren ahotan

Benjamin Netanyahu Isralego lehen ministroarekin bildu da AEBetako presidentea. Aldebiko harremanak hoztu ostean jarrerak hurbiltzea zuen helburu bilerak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Estatu Batuen eta Israelen arteko loturak "apurtezinak" direla esan du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin Etxe Zurian bildu ostean.

Aldebiko harremanak hoztu ostean jarrerak hurbiltzea zuen helburu bilerak. Gazako Zerrendara zihoan ontzidiari Israelgo Armadak eraso ostean bilera hori atzeratu zuten ekainaren 1ean.

Gazan "aurrerapauso nabarmenak" izan direla adierazi du Obamak, eta laster palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketa zuzenak izatea espero du.

Elkarrizketak

Elkarrizketa zuzenak irailaren 26a baino lehen hasteko itxaropena duela esan du AEBetako presidenteak, izan ere, lurralde okupatuetan kolono-gune berriak eraikitzeko sei hilabeteko debekua orduan amaitzen da Israelgo Gobernuarentzat.

AEBek Israelen segurtasunari kalte egingo dion ezer eskatuko ez duela ziurtatu du Obamak.

Bestalde, palestinarrekin bakea lortzeko "konpromisoa" duela adierazi du Israelgo lehen ministroak, eta bi Estatuen arteko harremanak hoztu direla dioten informazioek "erabat okertuta" direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea