Mundua -

Peru

Lau emakume espainiar hil dira Cuzcon izan den auto-istripuan

Ibilgailua errepidetik irten eta 300 metro sakonerako amildegitik jausi da. Beste sei lagun zauritu dira, horietako bost espainiarrak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako lau kooperante hil dira eta beste sei lagun zauritu dira, horietako bost espainiarrak, Cuzcoko hiritik (Peruko hego-ekialdean) gertu jazo den auto-istripuaren ondorioz.

Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioak hildako kooperanteak honakoak direla baieztatu du: Maria Jesus Such (Valentzia); Soraya Macias (Salamanca); Lorena Guerrero (Almeria) eta Lidia Monjas (Madril).

Bere gorpuak Cuzcoko gorputegian daude eta Ministerioak ez du zehaztu noiz Espainiaratuko dituzten.

Zaurituen testigantzaren arabera, ibilgailuko bederatzi bidaiari espainiarrak Perun zeuden Señor de Huanca (ASH Sembrando) tokiko GKEarekin lan egiteko.

Istripua atzo 17:30etan (00:30 GMT) izan zen Cuzcotik hurbil dagoen Huchuyqosqo arkeologia-gunean. Zaurituen hitzetan, errepide erdian zegoen kamioi bat ekidin nahi izan zuen kamionetako gidariak eta orduan, 300 metro sakonerako amildegitik erori zen ibilgailua.

Sei zauritu

Zauritutako sei lagunetako bost espainiarrak direla baieztatu du Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioak eta honakoak dira: Silvia Albert (Valentzia); Dolores Sanchez (Extremadura); Sergio Serra (Valentzia), Alan Santonja eta Marta Diez.

Seigarren zauritua kamionetako gidaria da, Peruko Marco Antonio Cajavilca de la Cruz.

Zauritu guztiak Cuzcoko ospitalean daude, baina Ministerioak ez du beraien egoeraren berri eman.

Extremadurako Gobernuko ordezkaritzak jakinarazi duenez, Dolores Sanchezi ebakuntza egin dioten arrean, bere bizitza "ez dago arriskuan".

Perun espainiarrak hil diren hirugarren istripua

Lau hildako utzi dituen atzoko istripua, azken urteetan kooperante espainiarrek izan duten hirugarren auto-istripua da eta hildako kopuruagatik, larriena.

1999ko ekainaren 6an, Enrique Ayer Lopez eta Mercedes Arteche, Europar Batasuneko kooperanteak Perun, eta Alfredo Waman gidari peruarra Junineko departamentuan izandako auto-istripuan zendu ziren. Beraien ibilgailuak oihaneko bide baten aparkatutako kamioi baten kontra talka egin zuen.

Atzoko istripuaren antzeko beste bat jazo zen 2001eko abuztuaren 29an. Angel Gonzalvez Solis hil zen eta 14 kooperante zauritu ziren, beraien autobus txikia 60 metroko amildegitik erori ostean, Cuzcon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea