Mundua -

Kuba

Fariñas, ura edateko prest lehen presoak aske geratzen direnean

Disidente kubatarrak lau hilabete baino gehiago daramatza gose eta egarri greban. Kubako Gobernuak iragarri du 52 preso politiko askatuko dituela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guillermo Fariñas disidinte kubatarra ura edateko prest egon liteke Gobernuak askatuko dituen 52 preso politikoetako lehen bostak libre geratzen direnean, EFEk jakin izan duenez.

Fariñasek lau hilabete baino gehiago daramatza gose eta egarri greban.

"Harekin hitz egin berri dugu eta lehen bost presoak askatzen dituztenean ura edaten hasteko prest agertu da", esan du Ismeli Iglesiasek, disidentearen auzia jarraitzen ari den medikuak.

Fariñas egoera kritikoan dago joan den astetik, tronbosi batek jota. Azken egunetan, baina, ez du txarrera egin.

Disidentea Santa Clara hiriko (Kubako erdialdea) ospitalean dago martxotik. Orlando Zapata disidentea gose grebaz hil eta gero hasi zuen baraualdia.

Iglesiasek zehaztu du Fariñasen adiskideak gose greba utz dezan saiatuko direla, haren osasuna txartu egin baita.

Habanako Eliza Katolikoaren Artzapezpikutzak asteazken honetan informatu duenez, Raul Castroren Gobernuak 52 preso politiko askatuko ditu, horietako bost berehala. Azken horiek Espainiara joan ahalko dira, senideekin elkartzeko.

Aipatu 52 presoak "75en talde"koak dira, hots, 2003ko "Udaberri Beltzean" zigortu zuten taldekoak.

Beste 47ak hurrengo hiruzpalau hilabeteetan askatuko dituzte.

Kubako Elizak eta Gobernuak maiatzean hasitako elkarrizketen ondorioz dator presoen askapena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea