Mundua -

POLIZIA OPERAZIOA

Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, jihadistak biltzen zituelakoan

Tolosaldean aritzen omen zen gazteak erakartzen, eta Sirian entrenamendu militarra jaso ei zuen.

Polizia operazioa, bart, Gasteizen.
Polizia operazioa, bart, Gasteizen.
Tolosaldean jihadistan biltzeagatik gizon bat atxilotu dute Gasteizen

0:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

41 urteko marokoar bat atxilotu dute gaur Gasteizen, Tolosaldean jihadistak biltzen zituelakoan. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ohar bidez jakitera eman duenez, preso hartu duten gizonezkoa Siriako gatazkan ibilitakoa da, eta Al Nusra (Al-Qaidaren adar bat) talde terroristaren jarraibideak jaso zituen. Egun, Arabako hiriburuan bizi zen. Ohar horren arabera, gizon horrek erakarritako gazteetako bat 2013an joan zen Siria eta Irak aldera, eta bertan hil zen.

Barne Ministerioaren esanetan, atxilotutakoa "giltzarri" izan da Estatu Islamikorako kideak "doktrinatu, erakarri eta errekrutatzeko egituran". Antza, bildutako gazteak "Siria eta Irakeko gatazketara bidaltzea zuen helburu".

Ikerlarien ustez, Al Nusra taldearen baitan trebatu zen militarki, baina Estatu Islamikoarekin bat egin zuen gerora. Siriatik Gasteizera etorri omen zen, eta "gazteak, bereziki marokoarrak, biltzeko lanetan" aritzen zen Tolosaldean.

Ministerioaren iritzian, "moldagarrienak" aukeratzen omen zituen, eta "harreman estu eta egunerokoa zuen" haiekin. Gazte horiengan zuen "eragina" handia omen zen, eta, horren lekuko, marokoar bat Siriara joateko konbentzitu zuen, familia atzean utzita. 2013an joan omen ziren biak, eta Al Nusra taldearekin bat egin omen zuten. Beste gaztea bertan hil zen, Ministerioak zabaldutako oharraren arabera.

Espainiako Poliziak lau orduz miatu du ustezko jihadistak Gasteizen duen bizitokia, Judizmendi auzoko Miranda de Ebro kalean. Operazio Berezietako Taldeko (GEO) kideak eta TEDAX artezilariak izan dira lanotan.

Emakume bat atxilotu dute Alacanten

Alacanten, bestalde, 36 urteko emakume espainiar bat atxilotu du Polizia Nazionalak, ISIS taldeko kidea izatea leporatuta. Barne Ministerioak zabaldu duenez, lau seme-alabekin Siriara joaten ahalegindu zen, talde terrorista horrekin bat egiteko.

Barne Ministerioaren hitzetan, propaganda lanak egiten zituen sare sozialak erabilita. Zabaldutako mezuetan "aldarri oldarkorrak eta ikur jihadistak" erabiltzea egotzi diote, eta berak egiten omen zituen bideoetan "Palestinaren aldeko eduki erasokorrak" sartzen zituen.

Emakumeak gorroto sakona ei dio mendebaldeko kulturari, eta hala erakutsi die seme-alabei, horren esanetan. Antza, adingabeetako batek "hizkera erradikal eta oldarkorra" du.

Bi operazioak zabalik daude oraindik. Auzitegi Nazionalak agindu ditu, Inteligentzia Zentro Nazionalarekin eta Marokoko Lurralde Zaintzarako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Siria Tolosa gaur Jihadismoa Albisteak Gaur Gasteiz Gaurko azken ordukoa Siria gaur