Mundua -

Israelek inguratu ostean

Libiako laguntza Gazara zeraman ontzia Egiptoko uretara heldu da

Al Amal ontzia inguraturik izan dute Israelgo Itsas Armadako gerra-ontziek Egiptora bidean zihoala ziurtatzeko, eta ez Gazara.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko uretan sartu da gaur Al Amal ontzia. Libiako laguntza humanitarioa Gazako Zerrendara zeraman barkuak, baina orain Al Arishko portura bidean doa, Palestinatik 45 kilometrora, Egiptoko telebistaren arabera.

Murad Muafi jeneralak, Sinai iparraldeko gobernadoreak, itsasontzia kostaldetik 12 miliatara dagoela esan du, eta Al Arishera gutxi barru helduko da.

Al Amal ontzia inguraturik izan dute Israelgo Itsas Armadako gerra-ontziek Egiptora bidean zihoala ziurtatzeko, eta ez Gazara. Moldaviako bandera duen zamaontzia atzotik jarraitzen du Israelgo Armadak eta abordatzea aurrikusita zuen, kapitainak Zerrendako blokeoa urratzen saiatu ezkero.

Al Amal (itxaropena) Greziako ontzi-enpresa baten itsasontzia da eta Saif Gadafi Muamar Gadafi Libiako buruzagiaren semearen gobernuz kanpoko erakundeak pleitatu zuen.

Porturatzeko baimena

Bestalde, Al Yazira telebista kateak jakitera eman duenez, Al Arishen porturatzeko baimena eskatu du ontziak, eta onartu egin diote.

Laguntza bihar deskargatuko dute eta kamioien bidez eramango dute Gazara, Al Yazirak erantsi duenez.

2.000 tona laguntza humanitario daramatza itsasontziak eta Greziatik larunbatean abiatu zen Al Arisheko (Egipto) portura bidean, karga manifestuaren arabera. Behin itsas zabalean, kapitainak eta gobernuz kanpoko erakundeak helmuga Gaza zuela onartu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea