Mundua -
70 zauritu baino gehiago
Gutxienez 20 lagun hil dira bi lehergailuk eztanda egin ostean, Iranen
Jame meskitaren aurrean jazo dira leherketak, Zahedanen, Iraneko hego-ekialdean. Antza denez, bi eztandak suizidek eragin dituzte.
Erredakzioa
Gutxienez 20 lagun hil eta 70 baino gehiago zauritu dira gaur, bi eraso suizida jazo ostean, Zahedan hiriko meskita xiita batean, Iraneko hego-ekialdean.
Fariborz Rashedi Sistan-Beluchistan probintziako larrialdi zerbitzuen zuzendariak azaldu duenez, leherketak arratsaldean jazo dira Zahedaneko Jame meskitaren aurrean.
Bestalde, momentuz erasoen ardura inork aldarrikatu ez duela adierazi du Ali Abdolahi Iraneko Barne ministrordeak.
Meskitaren sarreran
"Lehen leherketa suizida batek eragin du meskitaren sarreran egiten den kontrolean eta Iraultzaren Zaindarietako zenbait kideren martirioa ekarri du", adierazi du Abdolahik.
Bigarren lehergailu batek eztanda egin du minutu gutxi geroago, Barne Ministerioko goi-kargudunak azaldu duenez.
Husein Imanaren jaiotzaren urteurrena dela-eta festa zen nagusi leherketak gertatu direnean.