Mundua -

Bero-bolada

507 pertsona itota hil dira Errusian hilabete bakar batean

Azken asteetan pairatzen ari diren bero-bolada eta bainularien arduragabekeria dira hildako kopuru handi honen zergatiak. Azken astea bereziki tragikoa izan da 274 itotakoekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 507 pertsona hil dira Errusian, itota, hilabete bakar batean. Bukatu berri den astea latzena izan da 274 pertsona ito baitira Moskuko ibai eta urmaheletan, horietatik 25 azken hiru egunetan.

Agintarien esanetan bainularien arduragabekeria da hildako kopuru handi honen zergati nagusia: batzuk mozkortuta sartzen dira uretara eta beste batzuk bainua debekatuta dagoen lekuetan bainatzen dira.

Errusian pairatzen ari diren bero-bolada bereziki nabarmena izaten ari da Mosku hiriburuan. Tenperaturak 1936 urtean izandako 36,5 graduko gehienezkora gerturatzen ari dira eta, ondorioz, jendea ibai eta urmaheletan bainatzen ari da apur bat freskatzeko asmoarekin.

"Larunbat beltza"

Osasun zerbitzuen bozeramale baten hitzetan, "uztailaren 17a, larunbata, ''larunbat beltza'' bezala gogoratuko da etorkizunean: egun horretan hamaika pertsona hil ziren uretan itota. Aurtengo uztaileko beste marka tragiko bat da"

Meteorologoen iragarpenek ez dute, momentuz, lasaigarririk aurreikusten: ekaitz bat espero bada ere, aste honetako lehen egunetarako 32 eta 33 gradu arteko tenperaturak iragarri dituzte. Aste bukaeran, gainera, bi gradu igotzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea