Mundua -
Bilera Obamarekin
Cameron: 'BP konpainiak enpresa indartsua izaten jarraitu behar du'
Lockerbieko atentatuaren egilea aske uzteko garaian BPk izan zuen ustezko papera kritikatu dute komunikabideek eta Britainia Handiko lehen ministroak horri buruz hitz egin du.
Erredakzioa
BP petrolio-konpainiak Mexikoko golkoan egindako isuria garbitu behar duela eta beharrezko kalte-ordainak ordaindu beharko dituela adierazi du gaur David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak, baina "enpresa indartsua eta egonkorra izaten jarraitu behar du".
Barack Obama AEBetako presidentearekin Etxe Zurian bildu ostean adierazpenak egin ditu Cameronek. Abdelbaset al Megrahi libiarra Lockerbieko atentatuaren egilea aske uzteko garaian BPk izan zuen ustezko papera kritikatu dute komunikabideek eta Britainia Handiko lehen ministroak horri buruz hitz egin du. "Erabaki hura Eskoziako Gobernuak" hartu zuela gogorarazi du, "eta ez petrolio-enpresak".
Bestalde, Al Megrahi aske nola utzi zuten argitzen duen edozein informazio berriri "ongietorria" emango diola adierazi du Barack Obama AEBetako presidenteak. Erasoaren egilea Libiari entregatu zioten, ustez prostatako minbizia zuelako.
1989an Lockerbieren gainetik hegan egiten zihoan hegazkin bat zartarazi eta 270 lagun hil ziren. Al Megrahi eraso horrengatik zigortu duten lagun bakarra da. Aberriratu eta urtebete geroago bizirik jarraitzen du Libian, bere osasun egoerak okerrera egin duen berririk izan gabe.
Ikerketa baten kontra
Libiako terroristaren askapenari buruz ikerketa bat zabaltzearen aurka agertu da Britainia Handiko lehen ministroa. "Erabaki txarra izan zela onartzeko ez dut ikerketarik behar", gaineratu du.
Etxe Zurian izandako elkarrizketan, Afganistango gerra, Ekialde Hurbileko egoera eta krisi ekonomikoa izan dituzte hizpide. Joe Biden AEBetako presidenteordea bileran izan da.