Mundua -
Ekialde Hurbila
Ontzidian zihoazen espainiarrek bi ontzi bidaliko dituzte Gazara
Askatasunaren Ontzidiko hiru espainiarrek kereila bat aurkeztu dute Auzitegi Nazionalean Israelgo lehen ministroaren eta beste sei goi-kargudunen aurka.
Erredakzioa
Askatasunaren Ontzidian zihoazen hiru espainiarrek (Manuel Tapial, Laura Arau eta David Segarra) iragarri dute Espainiako bandera izango duten bi ontzi bidaliko dituztela Gazara, blokeoa gainditu eta laguntza humanitarioa eramateko helburuz.
Hiru espainiarrek kereila bat aurkeztu dute gaur goizean Auzitegi Nazionalean Israelgo Gobernuko eta Armadako zazpi goi-kargudunen aurka, tartean Benjamin Netanyahu lehen ministroa.
Maitzaren 31n, Israelgo Armadak eraso egin zion Askatasunaren Ontzidiari, eta gutxienez bederatzi pertsona hil zituen. Hori horrela, Tapialek, Arauk eta Segarrak gizateriaren aurkako delituak egotzi dizkiete aipatu pertsonei.
Manuel Tapialek kritikatu egin du Espainiako Gobernuak ezer egin ez izana gai honetan, eta hori "larri"tzat jo du, hiru espainiar "nazioarteko uretan egindako eraso baten biktimak" izan baitira. "Arrazoi nahikoak Estatuak esku hartzeko", gaineratu du.
Auzia jurisdikzio unibertsalaren printzipioia oinarri abiatu daiteke, azken erreforman mugatu egin bazuten ere, biktima espainiarrak baitaude eta beste herrialdeek ez baitute ikertu gertatutakoa.
Israelek "probokazio"tzat jo du
Bere aldetik, Israelek esan du kereila "probokazioa" dela, eta Estatuak "nazioarteko zuzenbidearen arabera" jokatu zuela.
"Kereila hori ontzidiaren probokazioaren jarraipena baino ez da", adierazi du EFE agentzian Igal Palmor Israelgo Gobernuko Kanpo Harremanetako Ministerioaren bozeramaileak.