Mundua -
Gobernuaren agindua
Obamaren zenbait ingurumen-politika indargabetuko ditu gaur Trumpek
Presidente estatubatuarrak "ez ditu AEBko ekonomia arriskuan jarriko duten ingurumen-politikarik onartuko", esan du Etxe Zuriko bozeramale batek.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Barack Obamaren Gobernuak onartutako hainbat ingurumen-politika indargabetuko ditu gaur, asteartea, sinatuko duen aginduarekin, energiaren ekoizpena bultzatu eta enpleguak sortzeko asmoz.
Aginduak, Etxe Zuriko bozeramale batek azaldu duenez, Obamak klima aldaketaren aurka onartutako sei neurriri eragingo die, besteak beste, Gobernuko agentzia guztiak zama hori jasotzeko prest egotea agintzen zien lege bat, 2013koa.
Agindu berriarekin, Trumpek karbono-emisioak neurtzen dituzten zuzentarauak berridatzi nahi ditu, bere ustean, enplegu asko galtzea eragin baitute eta, gainera, autonomia energetikoa lortzen lagun dezake.
"Aurreko Gobernuak balioa kendu zien langileei, onartutako politikekin. Guk bi gauza egin ditzakegu; ingurumena babestu eta lanpostuak sortu", esan du Etxe Zuriko bozeramaleak.
"Uste dut presidenteak oso argi hitz egin duela; ez ditu AEBko ekonomia arriskuan jarriko duten ingurumen-politikarik onartuko. Oso sinplea da", erantsi du.
Trumpek Ingurumenaren Babeserako Agentziaren (EPA) egoitzan sinatuko du agindu berria. Agentzia hori oso garrantzitsua izan zen Obamaren ingurumenaren aldeko politiken ibilbidean, eta orain klima aldaketarekin eszeptikoa den gizon batek zuzentzen du: Soctt Pruittek.
Bozeramalearen esanetan, EPA bere zeregin nagusian buru eta belarri aritzea nahi du Trumpek, hau da, "ur garbia eta aire garbia".
Aurreko astean, TransCanada enpresari Keystone XL oliobidea eraikitzea esleitu zion Trumpek. Proiektuak zeresan handia eman du, talde ekologistak aurka baitaude eta Obamaren Gobernuak eraikitzea debekatu egin zuelako.