Mundua -

Al Kaidak hil du

Sarkozy: "Michel Germaneuren hilketa ez da zigor barik geratuko"

Magreb Islamikorako Al Kaidak igande honetan exekutatu du 78 urteko gizonezko frantziarra. Apirilean bahitu zuen, Nigerren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak baieztatu egin du Magreb Islamikorako Al Kaidak Michel Germaneu frantziarra exekutatu duela, eta ohartarazi du hilketa ez dela zigor barik geratuko.

Erakunde terroristak atzo iragarri zuen exekuzioa, joan den ostegunean Germaneu askatzen saiatzeko Frantziak eta Mauritaniak abiatutako operazio militarraren mendeku gisa. Operazio horretan Al Kaidako sei kide hil ziren.

"Gaitzetsi egiten dut biktima errugabe bat eragin duen ekintza basati hau", esan du Sarkozyk telebistan eskainitako agerraldi batean.

Bere hitzetan, Al Kaidak uztailaren 12an emandako ultimatuma "hilketaren iragarpena" izan zen. "Heriotza zigorra zeukan", salatu du.

"Baliabide guztiak mobilizatu genituen askatu ahal izateko", ziurtatu du Sarkozyk. Hori horrela, hilketa ez dela zigorrik gabe geratuko ohartarazi du.

Telebistan agertu baino lehen, presidenteak bilera izan du François Fillon lehen ministroarekin, Brice Hortefeux Barne ministroarekin, Bernard Kouchner Atzerri Gaietarako ministroarekin, Defentsa Ministerioko Kabinete zuzendariarekin eta Estatu Nagusiko buruarekin, besteak beste.

Bahiketa

Germaneau (78 urtekoa) apirilean bahitu zuten Nigerren, eta bahitzaileek gaur arteko epea eman zuten atxilotuta dauden Al Kaidako kide batzuk askatzeko.

Bigarren aldia izan da Magreb Islamikorako Al Kaidak bahitu bat exekutatu duela. Izan ere, iazko ekainean Edwin Dyer britainiarra hil zuen, haren herrialdeak errefusatu egin baitzuen terroristekin negoziatzea.

Erakunde terroristak Albert Vilalta eta Roque Pascual espainiarrak ditu oraindik bahituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea