Mundua -

Milioi erdi hektarea erre dira

Suteek 40 hildako utzi dituzte Errusian

250.000 pertsona ari dira sua itzaltzeko lanetan, iragarpen meteorologikoek 40 gradutik gorako tenperaturak iragartzen dituzten bitartean. Erretako eremuak 550.000 hektarea ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi Egoeretarako ministerioaren arabera, 40 pertsona hil dira Errusiako hainbat lurraldetako suteetan. Guztira, milioi erdi hektarea baino gehiago suntsitu ditu suak.

Momentu hauetan, 7.000 sute inguru daude Errusia osoan eta Larrialdietarako langileek 265 herri suteetatik babestea lortu dute.

Mosku hiriburua, berriz, inguruko suteek sortutako ke hodei handi batek estalita altxatu da gaur.

Goizeko lehen orduetatik 27 sute kontrolatzeko ahaleginetan ari dira suhiltzaileak, 65,67hektareatako lur eremuan.

Gainera, eta agintariek adierazitakoaren arabera, "lehorteak eta beroak sute berriak sortzen dituzte etengabe".

Hori gutxi balitz, eguraldiaren iragarpenek ez dute itxaropenerako lekurik uzten. Aurreikuspenen arabera, hurrengo egunetan 35 gradutako tenperaturak espero dira Mosku eta inguruetan, eta aste bukaeran 41 gradutara iritsi daitezke.

Itzaltze lanak

Errusia osotzen duten 83 lurralde federatuetatik 14tan sute handiak dituzte. Egoera larri honen ondorioz, Larrialdietarako ministerioak 250.000 pertsona inguru lanean jarri ditu.

Armada ere itzaltze lanetan hasi da Dmitri Medvédev presidenteak ostiralean horretarako agindua eman eta gero.

Iazko suteetan lur eremu handiagoa erre zen, 950.000 hain zuzen, baina aurtengoak arrisku gehiago sortzen ari dira herri eta biztanlegoarengan.

Vladímir Putin gaur bertan bilduko da lurralde ezberdinetako agintariekin egoera zehatz mehatz zein den jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea