Mundua -

NBEren arabera

Uholdeek 3,2 milioi laguni eragin diete Pakistanen

Orain arte, 1.500 hildako utzi dituzte 1929tik izan diren uholde handienek, baina kopuruak gora egin dezake urrutiko zonetara heltzeko zailtasunak baitituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 80 urteetako uholderik handienek 3,2 milioi laguni eragin diete Pakistanen, Gobernuak bildutako eta NBEk jakitera eman dituen zifren arabera.

"3,2 milioi kaltetu horietatik, 1,4 milioi haurrak dira", Marco Jimenez Rodriguez UNICEFeko bozeramaileak gaur Genevan esan duenez. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) kaltetuak 2,5 milioi direla esan zuen atzo, baina Estatuaren ipar-mendebaldeko datuak ziren soilik, NBEren hitzetan.

Horrela, orain arte, 1.500 bat hildako utzi dituzte 1929tik izan diren uholde handienek, baina kopuruak gora egin dezake urrutiko zonetara heltzeko zailtasunak baitituzte, NBEko Gai Humanitarioetarako Koordinazio bulegoaren (OCHA) arabera.

Khyber-Pakhtunkhwa (Pakistango ipar-mendebaldea) zonarik kaltetuena da. Bertan 800 hildako izan dira, eta 100 bat lagun desagertuta dira. Desagertutakoen kopuruak gora egitea espero du OCHAk, probintzia horretako komunikabide sareak behar bezala funtzionatzen ez duelako.

Gaixotasunak

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, orain uraren kutsadura dela-eta gaixotasunak ager daitezke, diarrea akutua eta arnas aparatuko eritasunak esaterako.

Gainera, zubiak eta errepideak hondatu dituzte uholdeek zona asko eta ospitaleak komunikazio barik utziz. Egoera "jasangaitza" da, NBEko agentzia horren ahotan. Milaka familiek etxea galdu dute, eta eskoletan aterpetu dira.

Era berean, errefuxiatuentzako nazio batuen goi-komisarioaren helburua 250.000 desplazatuei laguntza ematea da. Dagoeneko 10.000 kanpin-denda banatu dituzte, Melissa Fleming bozeramaileak gaur azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea