Mundua -

Mexikoko Golkoan

BP matxuratutako putzua betiko ixteko lanean hasi da

Frogak egin ostean eta dagoeneko 4,9 milioi petrolio upel adina isuri dituen matxura konpontzeko asmoz, hiru egun arte luza daitekeen lana hasi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BP petrolio konpainia britainiarra matxuratutako putzua betiko ixteko lanean hasi da Mexikoko Golkoan, frogak egin ostean eta dagoeneko 4,9 milioi petrolio upel adina isuri dituen putzua konpontzeko asmoz.

"Static kill" (deuseztatze estatikoa) izeneko operazioa petrolio isuria iturburura bultzatzean datza, zementua eta lokatz astuna sartuz. Ezustekorik gertatzen ez bada, aste honetan bertan amai dezakete prozesua.

Multinazionalak bertan behera utzi zuen operazioa frogetan akats bat atzeman ostean. Atzo, ordea, frogak amaituta eta emaitzak aztertuta, ingeniariek lanak abiatu zituzten 21:00etan (bertako ordua) eta 33-61 orduren buruan amaitzea espero dute.

Hala ere, "putzuaren egoeraren" araberakoa izango da lanen iraupena, izan ere, zaila omen da aurreikustea itsasoko hondotik behera izango duen erreakzioa.

Pasa den maiatzean, BP zementu eta lokatz astun nahasketa batekin saiatu zen putzua ixten, baina porrot egin zuen ahaleginean.

Orain, aldiz, kanpaia euskarri bat dute eta putzuak itxita daramatza azken bi asteak. Hori horrela, arrakasta lortzeko probabilitatea handiagoa da.

Azken datuen arabera, putzuak 4,9 milioi petrolio upel adina isuri ditu Mexikoko Golkoan, eta munduan inoiz izan den hondamendi natural handiena da, eta ez AEBetako handiena soilik, orain arte zioten moduan.

20.000 milioi dolarreko isuna

BPk 20.000 milioi dolarreko isuna ordain lezake azkenean axolagabekeria larria leporatzen badiote, Financial Times egunkariak gaur jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea