Mundua -

Inbestidura

Santos Kolonbiako presidente berri izendatuko dute gaur

Presidentetzara heltzeko gaitasuna beti izan duela onartu dute senideek eta lagunek, baina baita kritikoek ere. "Ongizate demokratikoa" ezartzeko helburua du Juan Manuel Santosek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako presidente izatearen ametsa beteko du larunbat honetan Juan Manuel Santosek. Gaztetik kargu publiko ezberdinetan lan egin du Kolonbiako buruzagi berriak, eta horrek azkenaldiko gertakari historiko garrantzitsuenetan izateko aukera eman dio.

Presidentetzara heltzeko gaitasuna beti izan duela onartu dute senideek eta lagunek, baina baita kritikoek ere. "Ongizate demokratikoa" ezartzeko helburua du Juan Manuel Santosek, desberdintasun sozial eta ekonomikoek markatutako herrialde batean.

Egitasmo horretan Santosek egunero lan egin duela ez du inork zalantzan jartzen. Horregatik, Defentsa ministro gisa FARCi historiako kolperik handienetakoak eman ostean kargua utzi zuenean, hurrengo xedea Presidentetzara heltzea zela aurrikusi zuten adituek.

Defentsa Ministerioaren buruzagi zenean FARCeko kanpamentu bat bonbardatzeko agindua eman zuen Ekuadorren, 2008an. Erasoan 25 lagun hil ziren, horien artean, Luis Edgar Devia Raul Reyes buruzagi gerrilaria.

Gobernuko puntakoak

Juan Manuel Santosen Gobernuko Ministerio garrantzitsuenak NBEko diplomatiko baten eta Alvaro Uriberen ideien jarraitzaile leial baten eskuetan izango dira. Gai ekonomikoetan jarrera neoliberala duten teknikariek osatzen dute Gobernua.

Maria Angela Holguin Atzerri ministroa izango da, eta Rodrigo Rivera abokatua Defentsa ministroa. 13 ministrok osatuko dute Exekutiboa, baina Telekomunikazioen arduraduna ez du oraindik aukeratu Santosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea