Mundua -

Gatazka Kolonbia-Venezuela

Uribek Chavez salatu du Nazioarteko Zigor Auzitegi Gorenean

Gaur arte Kolonbiako presidente izan denak Chavez salatu du ustez FARCeko kideak laguntzeagatik. Venezuelako Estatuari ere Giza Eskubideen Ameriketako Auzitegian salaketa jarri diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alvaro Uribe gaur, larunbata, Kolonbiako presidente izateari utziko dionak Hugo Chavez Venezuelako presidenteari salaketa jarri dio Nazioarteko Zigor Auzitegi Gorenean (NZAG), uztez FARCeko kideei laguntzea emateagatik, hedabide kolonbiarren arabera.

Jaime Granados Uriberen abokatuak adierazi duenez, Chavez eta Estatu venezuelarra salatuak izan dira NZAG eta Giza Eskubideen Ameriketako Auzitegian, hurrenez hurren. Chavezi gerra eta gizateriaren aurkako delituak egitea egotzi diote, Venezuelari, aldiz, talde terroristak edota jende armatua lurraldean izatea debekatzen duen Ameriketako Konbentzioa haustea leporatu diote.

"Giza Eskubideen Ameriketako Batzordean Venezuelako Errepublika Nazioarteko Eskubide-subjektuaren kontra salaketa dago jarrita, biak euren eskumenei dagozkien arloan egindako Giza Eskubideen urraketaren inguruan, ebidentziaren berma guztiekin eta biktimek emandako botereekin", Granadosek Caracol Radiori egindako adierazpenetan zabaldu duenez.

Aurreko ekainaren 22an, Uribe eta Guillermo Mendoza Diago Fiskal Orokorraren arteko bilera baten ostean, zabaldu zuten Kolonbiak ez zuela baztertzen NZAGean Venezuelari salaketa jartzea, Ameriketako Estatuen Organizazioari (OEA) egun horretan igorritako probak aurkeztuta; probekin FARCeko hiru buruzagi Venezuelan zeudela probatuko zuten. Mendozak Gobernuaren karpeta bat jaso zuen proba guztiekin; eta helburu horretarako fiskalen batzorde berezi batek ikertu zituen, Colprensa Kolonbiako agentziak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea