Mundua -
Iruzkina
Bolivarren itzalpean
Alvaro Uriberen zortzi urteko agintaldian harreman gorabeheratsua izan dute Venezuelak eta Kolonbiak. Orain Santosek eta Chavezek aro berri bati hasiera eman diote.
Jesus Torquemada
Akordioa egin behar zuten. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente berriak eta Hugo Chavez duela 12 urtetik Venezuelako presidentea denak ezin zioten mespretxurik egin Simon Bolivarri.
Alvaro Uriberen zortzi urteko agintaldian harreman gorabeheratsua izan dute. Orain Santosek eta Chavezek aro berri bati hasiera eman diote. Dena den, biek argi dute bi herrialdeen arteko arazoak ez direla konpondu.
Kolonbiaren kasuan, Santosek azalpenak eskatu dizkio berriro Chavezi, bere herrialdeak ustez Kolonbiako FARC-eko gerrillariak babestu dituelako. Uribek gogor eutsi zion bereari gai horretan eta Chavez ez zela garbi jokatzen ari erakusten zuten froga ugari bildu zituen, bere hitzetan.
Chavezek, berriz, Bogotak Ameriketako Estatu Batuei erabiltzen utziko dizkien Kolonbiako sei base militarrengatik azalpenak eskatu ditu, Venezuelaren segurtasunarentzako mehatxu bat dela uste duelako.
Funtsean, eskualdeko agintea eskuratzeko eztabaida da. Chavezek bere eredua ezarri nahi du Hego Amerikan eta Uribek ez zion utzi. Ikusteke dago zer gertatuko den Santosekin, baina iraganean Defentsa ministro izan zenean erakutsi zuen tinkotasuna aintzat hartuz, ez du ematen oso erraz amore emango duenik