Mundua -

India

Abortatzeko baimena eman diote ugazaitak bortxatutako 10 urteko neska bati

Neskatoaren osasuna arriskuan dago, horregatik erabaki dute salbuespena aplikatu eta abortua baimentzea. Haurdunaldiaren 20. astean dago.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako mediku batzorde batek baimena eman du ugazaitak bortxatu zuen 10 urteko neska batek abortua egin ahal izateko, 20 asteko (hango legearen mugan) egonda. Auzitegi batek medikuen esku utzi zuen neskatoaren gaineko erabakia.

Haryanako Medikuntza Zientziaren Graduatu Ondoko Institutuko medikuen batzordeak ebatzi du neskatoaren osasuna arriskuan dagoela, salbuespen hori ezarrita abortua egin ahal izango diote.

Auzitegiak bi aukera eskaini zizkion batzordeari: fetuak 20 aste baino gutxiago zituela ezarri eta abortua egin edo erditu arte itxaron, bost hilabeteko zegoela erabakiz gero.

"Medikuen batzordeak gizaldeko jarrera hartu eta abortua egitea erabaki du", esan du Ashok Chauhan zentroko medikuen superintendenteak, The Hindustan Times egunkariaren arabera.

Aurreko astean ezagutarazi zuten gertatutakoa. Neskatoaren amak haurdun zegoen susmoa hartu eta medikuarenera eraman zuen. Neskak ugazaita (gainera, bere aitaren anaia da, hau da, osaba ere bada) salatu zuen eta atxilotuta dago orain.

Tokiko zenbait hedabidek azaldu dutenez, ugazaitak gertatutakoa ez salatzeko eskatu zion neskatoari. Indian, ez da ezohikoa umeak bortxatzea, baina gehienek ez dute salatzen familiaren irudia ez kaltetzeko.

Erregistratutako Krimenen Bulego Ofizialaren datuen arabera, 2015ean emakumeen aurkako 300.000 delitu baino gehiago zenbatu ziren, besteak beste, bortxaketak, bahiketak, sexu-jazarpena eta krudeltasuna haien senarrengandik eta senideengandik.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortuari Buruzko Albisteak Nazioartea Tratu txarrak gaur Albisteak India albisteak